XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

BAKANTZAK ONDOAN HAURREKILAKOA HASTE

Arrotzak joan-eta gu hemen gaude gure eginbidekin.

Egun hautan beretan eskolak hasten zaizkigu eta katiximak ere laster hasiko.

Aita-amentzat ordua da galdegiteko ez eskolan ez katiximetan ez dietzaguten seme-alabak kaskoint, eta eskuararen alde agertu legez balia diten.

Han-hemenka burraso batzu ohartu dira bekar zutela errat. Zertako ez bertze askok?

Haatik bixtan da eskuararen rienta edo errientsa pusatu herriko mintzaiaren errespetatzerat eta ahalaz sustengatze-estakuruan euskal-erakasleak ez diotela haurreri marxismoa erakutsi behar, aita-amen baimenik gabe.

Parropia bat ezagutzen dugu, aurten katixima eskuaraz ikasteko hamabortz gazte presentatzen baitira, jaz hiru baizik ez zirelarik.

Zerbait kanbiamendu ari ote den sortzen?

IPAR-AMERIKETAKO EUSKALDUN-MOLTXOEN BILTZARRA

Askok uste dute Euskaldun moltzoak ez direla kausitzen Nevadan eta Idahon baizik Ipar-Ameriketan.

Bainan badira bertze asko lekutan.

New-York-en berean hirurogoi urte huntan bada bizirik euskal-klub bat, egungo egunean sei ehun lagun dituena.

Holako moltzoak aurki ditazke bai Wyoming, Kalifornia, Montana, Arizona eskualdetan.

Renoko euskaldun batzuek pentsatu dute behar zutela, ororen batasun bat eraiki eta muntatu dute urte hunen hastapenean North American Basque Organization.

Eta bi mila delegatu igorri dituzte Reno hirirat elgar aditzeko, Biltzar harrigarri hori atxiki dute joan den ilabeteko erditsutan.

Etsenplu ederra!

BIDASOA IRAGAITEAN KASU NOLA BEZTI ZAREN

Mutiko bat paseatzen omen zen berrikitan Bidasoaz bertze aldean galtza-atorra xuritan, bonet gorri bat buruan, gerri ferde bat soinean.

Polizak arrestatu du, baizik-eta euskal bandera koloretan jauntzia zela!

3 GUARDA ESPANOLEN IXTORIOA

Aboztuaren lehen egunetan asko jendek eta asko kazetek kondatua dute ixtorioa.

Bainan ez guziek berdin.

Bertzeak bertze harritzeko da zoin urrun dauden elgarretarik La voz de España-ren erranak eta Sud-Ouest kazetarenak.

Huna batzu eta bertzeak.

LA VOZ DE ESPANA-ren ARABERAKO KONDAIRA

Hiru guardia zibilez eginikako patrulla bat patrullatzen ari zelarik aurkitu zen Ibardin gain-aldean eta bidea galdu zuen portuges batzu ezagutu beharrez eta jakin gabe sartu ziren Frantziako lurrean.

Hiru guardak beren soldado jauntzitan zauden, usaiako beren armekin.

Bet-betan kausitu dira Urruñako frantses herrixkan.

Han ezin ederkiago errezebitu zituzten.

Hain xuxen eskualde hortan egiten dira besta jostagarri batzu, hala nola kontrabanda-gaua edo kontrabandixten lasterketa, eta abar.

Hortako asko herritarrek uste izan dute numero folkloriko bat zela.

Pausuko jandarmeak abisatu orduko, frantses buruzagiek oto bat eskani diote hiru guarda zibileri Espainiarat itzul ahal ziten.

Hori laster egin zuten, deus bertzerik gabe.

ORAI SUD-OUEST-en IRAKURTUA (7-8-73)

Larunbat aratsean, zortziak eta erdietan, hiru karabinerok, behar baino gehiago edanik Bidasoako Veran ziren besta batzuetan, deliberatu zuten besta segituko zutela Frantzian, soldado ez zen lagun batekin, au otozain.

Muga iragan-eta Ibardineko patarrean, sartu ziren hunara beren armekin (hiru pixtola, bi mitralleta, zizpa bat), deus eragozpenik gabe.

Erran behar da mugako poliziak leku hortan aratseko zortzi orenetan uzten duela bere zerbitzua, aduana ordutik ordaintzen zaiolarik.

Barrandari zen guardak dio ikusi zituela hiru gizon guarda bezti bainan ez armarik.

Lau gizonak Urruñan izan ziren eta bi ostatutan edan zuten, asko jende harrituak zaudela.

Polizako komisarioak eta Pausuko jandarmek izan zituzten telefono-dei batzu Jandarmek nahiko zituzten Urruñan españolak arrestatu, bainan ez ziren beren xederat heldu.

Gauerdi ondoxean, Irungo Guardia Zibileko Komendantari emanak izan ziozkan beren armekin.

HIRI JENDETSUENAK EUSKAL-HERRIAREN HEKTARAKA

Ipar-Euskal-herri huntan jendea ari delarik xuhurtzen, hegoan jendetzea usutzen ari da.

Hektaraka Eibar, Bilbao eta Donostia hiriek badauzkate hektaraka New-York, Londres eta Los Angeles hiriek baino jende gehiago.

Eibar-ek baditu 378 arima hektaran; Bilbaok 245; Donostiak 202.

E.G.